
Ni gaztetxo bat besterik ez nintzen Jose Migel Barandiaran ezagutu nuenean. Unibertsitatean sartzeko ikasketak gaindituak nituen, eta aitak esan zidan:
- Zer egin behar duk opor hauetan?
- Ez dakit, aita.
-la hemezortzi urte bete dituk: ikasteaz gain probetxuzko beste zerbait egiteko adinean hago.
Gure aitak nahi zuen nik zerbait egitea, eta ez ibiltzea uda guztia tarran-tan-tan alde batetik bestera, denbora galtzen.
Kasu egin nion, eta Arrasate inguruan egiten ari ziren indusketa batzuetara joan nintzen laguntzaile. Hantxe, Lezetxiki kobazuloan, ezagutu nuen Aita Barandiaran 1965. urtean.

Jose Migel Barandiaran 1889ko abenduaren 3ln jaio zen, Ataungo San Gregorio auzoan, Peruenezar baserrian. Nik Lezetxikin ezagutu nueneap, 1965eko uda hartan, hirurogeita hamabost urte zituen, eta oso gizon berezia iruditu zitzaidan.
Bi janzkera erabiltzen zituen. Indusketan ari zen guztietan, buzo urdina, edozein langilek bezala, eta beste batzuetan, 'kaleko' jantzia: bere apaiz-sotana beltza.
Haur bat besterik ez zela esan omen zien etxekoei apaiz izan nahi zuela.
-Hik, mutikoa, zer nahi huke izan, nekazari, artzain, edo zer? -galdetu zion amak.
-Nik, apaiz! -erantzun Joxemielek.
Herritik kanpo, Baliarrainen, hasi zituen Jose Migelek apaiz izateko ikasketak, eta gogor samarrak egin zitzaizkion hasieran .
-Ikasketak euskaraz egin izan banitu-'kontatu zigun behin-, gehiago ikasiko nuen, eta, batez ere, errazago!
Garai hartan,,ordea, ikasketak gaztelaniaz·eta latinez egiten ziren.
Euskaraz baino ez zekien Jose Migelek asko eta asko ikasi behar izan zuen.
-Baina zuk buru azkarra izan duzu beti -esan nion nik.
Ez zidan erantzun, baina irribarre egin zidan.
-Eskolatik Gasteiza joan behar izan nuen azterketa egitera, eta aztertzaileak esan zidan: "Gaztelania baino latin gehiago dakizu; gaztelania gehiago ikasi beharko duzu, e!"
Hori entzunda, Jose Migelek uste zuen ez zuela azterketa gaindituko, baina ez zen hala gertatu: bi ikasturte batera gainditu zituen. Bera izan zen balentria hori egin zuen ikasle bakarra! buru azkarrekoa izan!
-Hamabost urte nituen orduan- esan zidan On Jose Migelek- , eta harro-harro eginda itzuli nintzen Atauna. Amari ez zitzaion hori ondo iruditu. Atari aurreko sagastira eraman eta honela esan zida:
-Ikas ezak lezio hau: ikusten al dituk sagar-arbola horiek? Zenbat eta beteagoak, orduan eta apalagoak. Hik ere horrelakoxea izan behar duk!
Gizon apala bai, baina oso jakintsua ere izan zen Jose Migel Barandiaran.
Eta herriaren maitalea. Euskal Herria eta euskara asko maite zituen. Euskararen eta Euskal Herriaren aldeko milaka lanetan aritu zen On Jose Migel.
Lezetxikin, atsedenalditxo batean, galdetu genion ea nola konpontzen zen hainbeste lan eta hainbeste aurkikuntza egiteko, eta esan zigun:
- Begiak argi eduki behar dira beti. Zabal-zabalik eta edozer sumatzeko prest. Ba al dakizue zergatik hasi nintzen arkeologiako indusketak egiten?
Guk ezetz esan genion, ez baikenekien, eta berak historia polit bat kontatu zigun.
-Behin Aralar aldera joan nintzen eta han zerbait aurkitu nuen.
Ordurako banekien Araban bazirela hainbat trikuharri, baina Gipuzkoan bat bakarra ere ez zen ezagutzen. Ibilaldi luze samarra egin ondoren, harritzar zabal baten gainean eseri nintzen atseden hartzeko. Satorrek egiten duten tontor txiki horietako bat zegoen harriaren ondoan, eta botaren puntarekin zabaldu egin nuen lurra. Harri-txintxor zuri baten antzekoa agertu zen.
Begiratu nion harretaz, eta konturatu nintzen gizaki baten hagina zela.
Pentsatu nuen: "Satorrak ni eserita nagoen harri honen azpitik aterako zuen hagina. Harri zabal hau trikuharri baten gaina izan daiteke.:
Han inguruan zebilen artzain gaztetxo bati galdetu omen zion:
- Hik ba al dakik jentilak non dauden lurperatuta?
Eta artzainak:
- Bai. Harri horren azpian. Makila batekin jotzen baduzu, kanpai baten hotsa ateratzen du. Hortxe daude lurperatuta azkeneko jentilak.
Hortxe hasi omen zen Jose Migel arkeologiaren bidetik.
-Bederatzi trikuharri aurkitu nituen Aralarren eta arkeologiaz asko zekien Telesforo Arantzadiri idatzi nion berri emanez. Arantzadi, Eguren eta hirurok elkartu ginen hurrengo udan indusketak egiteko. Ondo konpondu ginen oso.
Elkarrekin lanean jarraitu ornen zuten beste hogei bat urtetan, 1936ko Gerra hasi zen artean.
-Los tres tristes trogloditas deitzen ziguten, "hiru leizetar triste" -esan zigun On Jose Migelek-, baina hiru gezur handi esaten zituen hori deitzen zigunak. Ez ginen hiru: gehienetan han izaten ziren Eguren eta Arantzadiren emazteak... Ez ginen trogloditak: ez baikinen bizi haitzuloetan (hori esan nahi du troglodita hitzak), eta, batez ere, ez ginen tristeak. Ederki asko pasatzen genuen geure lanekin! Gerra etorri zen bitartean, behintzat ...
Lezetxikiko indusketa-lanetan ari ginenak On Jose Migelen inguruan biltzen ginen maiz, haren hitzak banan-banan jaso nahiz. Hiru leizetar tristeren kontuarekin ari zenean ere halaxe geunden, denok elkarren ondoan, hark zer esango.
-Gogorra izan zen gerra garaia?- galdetu zion norbaitek.
-Gogorra? Pentsa ezazue ez dagoela gerra baino gaitz okerragorik munduan. Gerra da herri bati gerta lekiokeen gauzarik txarrena! Arrazoia eta jakituria ahaztu egiten dira, eta amorruak eta gorrotoak bakarrik irauten du bizirik. Gogoratzen dut gerra baino lehenago ere baziela gorabehera
batzuk- esan zuen-, baina gogorrena gerrarekin etorri zen...
-1931. urtean errepublika bozkatu zen, erregea eta militarrak baztertuz, baina giroa nahasia zegoen leku guztietan, eta baita Gasteizen ere. Ni han bizi nintzen orduan, apaiztegian, beldur pixka batekin, gainera. Orduan, hainbat jende apaizen eta Elizaren kontra zegoen. Komentuak erre zituzten eta gu ere larri geunden. Guardia egiten egoten ginen gauez, zerbait egingo ziguten beldur.
Hasperen egin zuen On Jose Migelek.
-Lotsa ematen dit esateak -esan zuen-, baina lehergailu bat ere prestatu nuen. Ez nion metrailarik jarri, zarata eta beldurra eragiteko besterik ez zuen balio, baina horretan ere jardun nuen.
Urte haietan nola bizi ziren galdetu genion, eta orduko giroa oso nahasia zela esan zigun behin eta berriz.
- Hala ere -zioen-, gogor eutsi genion guk geure lanari, eta gogor jardun genuen indusketak han eta hemen eginez, batez ere Santimamiñen eta Urtiagan. Urtiagan lanean ari ginela, 1936. urteko udan, hasi zen Espainiako gerra. Orduan, esan zidaten: "Onena alde egitea duzu". Nik ere horixe uste nuen: Gasteiza itzuli nahi nuen, apaizetxera, baina gerrarekin ezin! Ihesaldia antolatzen hasi nintzen, hala ere. "Joan egin beharko dugu hemendik" esan nion Arantzadiri, eta halaxe in genuen. Xelebrea izan zen gure ihesa!
- Urtiagatik Debara jaitsi ginen Arantzadi eta biok. Baimenik gabe ez zegoen inora joaterik orduan, eta baimena eskatu genuen Ondarroara joateko . Handik Bilbora joan nahi genuen, Bilbon errazago konponduko ginela uste baikenuen.
Irribarre egin zuen On Jose Migelek.
- Barrea etortzen zait bidaia hura gogoratuz. Ez genuen bide zuzena egin, ez horixe! Ondarroara nahiko ongi joan ginen, baina han autobusa hartu eta Bilbora abiatu ginenean, bidea galdutako txakurra bezala ibili ginen hona eta hara. Ez dakit zenbat sigi-saga egin ondoren, Zornotzan trena hartu eta Bilboko Atxuri geltokira iritsi ginen. Gela batera eraman gintuzten, paperak ikusi eta miaketa egitera. Hiru miliziano zeuden han, armatuak.
Gelan sartu eta berehala, milizianoek esan omen zieten:
-Gauza guztiak mahaiaren gainean!
Une hartan, Jose Migelek Arantzadiren esku-saskia zeraman.
-Zer daramazu hor? -galdetu zion miliziano batek.
-Hor? Buru-hezur bat!
-Ea, ireki!
Ireki zuen saskia, eta han zegoen Urtiagako indusketetan aurkitutako buru-hezurra paperean bilduta. Milizianoak ez ziren ukitzen ausartu, nolabaiteko ikara ematen zien ...
-Bilbotik Lekeitiora eta Lekeitiotik Mutrikura ibili nintzen zer egin asmatu ezinik. Azkenean, Mutrikun itsasontzi bat hartu eta Ipar Euskal Herrira joan nintzen. Handik Gasteiza joan nahi nuen ... Baimena eskatu ere egin nuen. Erantzuna laster etorri zitzaidan:
-Ez zaitez Gasteiza etorri. Norbaitek salatu egin zaitu, euskaltzalea eta separatista izateagatik fitxa daukazu.
On Jose Migelek, betaurrekoak kendu eta aurpegi atsekabetuarekin, esan zigun:
-Hara! Aurrena, apaiza izateagatik arriskuan Gasteizen; gero, euskalduna izateagatik. Horrelako eromena da gerra.
Hamazazpi urte egin nituen Ipar Euskal herrian. Nik Gasteiza joan nahi, baina frankistek egindako fitxa han zegoen: ezin itzuli.
Barandiaran, ordea, ez zen geldirik egon hamazazpi urte horietan, eta ikerketan eta etengabeko lanetan jardun zuen: trikuharriak, harrespilak eta tumuluak aurkitu, arkeologiako eta etnografiako lanak egin, hitzaldiak eman...
Halako batean, Salamancako Unibertsitatera joateko gonbita jaso zuen.
-Ni joango nintzateke gustura -esan zien-, baina fitxa bat badut nire kontra, eta hori hor dagoen bitartean, ez naiz ausartzen.
Orduan kendu zioten fitxa, eta 1953. urtean itzuli zen Atauna.
Ordurako hirurogeita hiru urte bazituen On Jose Migelek, baina hala ere ez zegoen geldirik egoteko. Gerra-garaian bukatu gabe utzitako Urtiagako azterketekin jarraitu zuen Itziarren, eta, gero, Arrasateko Lezetxikin, Errenteriako Aizpitarten) eta beste hainbat lekutan ... Beti lanean.
Etengabe ...
Esan dizuet nik Lezetxikin ezagutu nuela. Haren jakinduriak harrituta utzi ninduen.
Egun batean ostatu batean bazkaldu genuen, eta untxi gisatua jarri ziguten jateko. Jose Migelek aztertu zituen hezurrak eta esan zuen:
-esan egin beharko diogu etxekoandreari.
Eta horrelaxe, deitu etxekoandreari, eta esan zion:
-Aizu, gisatua oso goxoa zegoen, baina ez zen untxia. Hezurrak aztertu ditugu, eta katua zen!
Etxekoandrea gorri-rri jarri zen.
"Barkatu beza berorrek! Jende asko etorri zaigu, eta untxi gutxi geneukan eta etxeko katutxo bat ere gisatu dugu. Ez da berriz gertatuko
Luze jarraituko nuke Jose Migel Barandiaranen kontuekin, baina bukatzeko garaia da.
Esan behar dut oso gustura pasatu nuela uda hura On Jose Migelekin lanean. Nire gazte-garaiko oroimenik ederrenetakoak dira. Geroztik ere askotan egokitu zait haren laguntzailea izatea. Urte askotan aritu zen lanean, aurrena indusketan, eta gero liburuak egin eta bere lanetan jasotako datuak eta haietatik ateratako ondorioak argitaratzen.
Bizitza luzea izan zuen Aita Barandiaranek. Norbaitek galdetzen bazion zer egiten zuen hainbeste urtetan osasuntsu jarraitzeko, erantzuten zuen:
-Nire osasun txarragatik bizi naiz hainbeste. Gaztetan izan nuen duodenoko ultzera bat, eta bizi guztia hura zaintzen, hura zaintzen, bizitza luzatu egin zait.
1991ko abenduaren 21ean hil zen Ataungo Sara etxean. Hamar egun falta zitzaizkion ehun eta bi urte izateko.
