
Bazen behin kameleoi bitxi bat. Ozeano Bareko uharte batean bizi zena.
Azalaren kolorea aldatu egiten zitzaioan, tokiaren arabera: adar baten gainean egonez gero, azala marroia zen; baina zuhaitz baten hostoen artean atseden hartzen bazegoen, orduan, berdea.
Ehizatzeko orduan harri baten gainera igotzen bazen, kameleoiaren azalak harriaren kolorea hartzen zuen; horrela, handik igarotzen ziren mozorroak engainatu eta erraz harrapatzen zituen. Bista on-ona zutenak soilik konturatzen ziren non zegoen kameleoia.
Kameleoiaren gurasoek bazekiten semea ez zela beste kameleoiak bezalakoa, txikitatik, ezen kolorea aldatu egiten zuen, bai, baina gainera kapaz zen zuhaitz bakoitzari edo harri bakoitzari ·entzuteko". Itxuraz, hari kontatzen zizkioten kontuak ez zituen beste inork sumatzen.
Horregatik jarri zioten Xirto, horixe zelako arbaso baten izena, trebetasun hori izan zuen arbaso baten izena.
Denborak aurrera egin ahala, Xirtok goitik behera ezagutu zuen uhartea; txoko bakoitzaren historia zekien, eta uhartean bizi ziren guzti-guztien arazoen berri ere bazuen.
Xirtoren ospea urrunera zabaldu zen, baita Ozeano Bareko beste uharte batean bizi zen errege baten belarrietara ere. Erregeak Xirto kameleoiari deitzeko egindu zuen.
Egun batean, Xirto palmondo zahar bati entzuten zegoela, hara non etorri zitzaion gazte bat, dotore jantzita.
-Zeu al zara Xirto, entzuten dakien kamaleoia?- galdetu zion.
-Bai, neu naiz. Eta zu nor zara? Zertarako behar nauzu?
-Errege hitzontziaren mandataria naiz. Berak bidali nau arazo bat daukalako, ea konponbidea topatzen lagunduko ote diozun
Xirtok jarraitu egin zion gazteari.
Hondartzan zain zeukaten itsasontzian sartu, eta erregearen uharterantz abiatu ziren.
Iritsi zirenean, mandatariaren atzetik joan zen Xirto, jauregiko areto nagusiraino.
Bat-batean, kameleoiaren azala zuri-beltz jarri zen, zoruko baldosak xake-taularen antzekoak baitziren.
Erregeak galdetu zion mandetariari:
-Non da kamaleoi jakintsua?Ezin izan duzu konbentzitu etortzeko ala?
-Errege jauna, hemen da kameleoia, neure ondoan, baina azala zoruaren kolorekoa jarri zaionez, ezin duzu ikusi.
-Ba esaiozu hurbiltzeko nigana, hobeto ikusteko eta berarekin hitz egiteko.
Mandatariak horixe agindu zion, eta orduan, erregearen aulkiraino iristen zen tapiz gorria zapaltzean, Xirtoren azala gorri-gorri paratu zen.
Baina oraingoan erregeak ikusi zuen, hurbilago zeukalako eta Xirtoren begi haundiak ez zirelako ez ikusteko modukoak.

-Ongi etorri, Xirto. Zure ospea nire erresuma honetaraiono heldu da. Espero det arazo bat konpontzen lagunduko didazula. Onar ezazu nire gonbita, eta gera zaitez egun batzuetan jauregian.
-Errege jauna, eskerrik asko zure uste onagatik. Saiatuko naiz laguntzen, baina esadazu, zer gertatzen zaizu?
-Ez dakit zer gertatzen zaidan: triste eta gogogabeturik nago.
Herritarrak ere ez daude pozik nirekin, ez dakit zergatik. Lege zuzenak ematen dizkiet, zergak kentzen dizkiet, uzta onak batzen dituzte eta, hala ere, ez dira zoriontsuak.
Gainera, oso argia naiz. Nire liburutegia da Ozeano Bare osoan denik eta handiena, baina ia inork ez du estimatzen nire jakituria guztia.
Xirtori pena eman zion errege hotzontziak, ongi ohartu zelako triste eta kezkaturik zegoela.
Esan zion:
-Barkatu errege jauna, baina axola ez bazaizu, zure bihotzaren ondoan egon nahi nuke. Horrela, hobeto entzun, eta zehatzago jakingo dut zer gertatzen zaizun.
Errege hitzontziari hasieran ez zitzaion egoki iruditu Xirtoren eskaera, harroxko samarra zelako.
Baina beste alde batetik, haren laguntza jasotzeko irrikaz zegoenez, agindu zuen biak bakarrik uzteko, eta orduan bai, besoetan hartu zuen.
Momentuan, Xirtoren azala urdindu zen, erregearen jantzia ere urdina baitzen, eta erregearen bihotzak zer esaten zuen entzun zuen:
-Errege hitzontziaren bihotza naiz, eta hauxe eskatzen dizut: irakats iezaiozu erregeari niri entzuten, buruari bakarrik egiten dio kasu eta.
Egun osoa ematen du pentsatzen, irakurtzen eta eztabaidatzen, zertarako eta beste guztiei berak zenbat dakien erakusteko.
Herritarrei ere ez die entzuten, eta horrexegatik ez daki zer behar duten.
Xirtok segituan ulertu zuen zein zen errege hitzontziaren arazoa, eta zergatik zegoen tristeziak jota.
Orduan azaldu egin zion bihotzak esandako guztia.
Erregeak arretaz aditu zion.
-Eta zer egin nezake arazoa konpontzeko?- galdetu zion.
-Hauxe: zure sentimenduei kasu gehiago egin, gutxiago hitz egin eta uharteko biztanleei gehiago entzun. Herritarrek esango dizute zer behar duten benetan, eta zu errege hobea izango zara.
Errege hitzontzia pentsakor geratu zen. Gero esan zuen:
-Gaurtik aurrera, zuek esandakoa egingo dut, Xirto; eta gainera, neure aholkulari izendatuko zait. Zu hemen egotea onuragarria izango da, bai niretzat, bai erresumarentzat.
Xirtok onartu egin zuen kargua, eta sentitu zen halako ohorea lortzen zuen aurreneko kamaleoia zelako.
Halaxe, apurka-apurka, jendeak utzi egin zion erregeari "hitzontzi" deitzeari. Erregea zen, besterik ez, bihotzari entzuten ikasi zuelako. Eta hori eeginda, herritarren bihotz barrenean sartu zelako.
